Euskal Baserriren Istorioa eta Tradizioak

Euskal gizartean baserria bizitoki hutsa baino askoz
gehiago izan da beti. Baserria euskaldun jendearen bizitzaren
oinarria zen, zalantzarik gabe; etxea eta beraren ondasunak
–etxaldea– gauza guztien gainetik zeuden.
Baserria arbasoengandik datorkigu. Guri gurasoek
eman digute eta guk geure ondorengoei utziko diegu.
Beraz, etxearen bide luze horretan gu urrats bat besterik ez
gara. Horregatik, etxea ez da gurea, gu etxearenak baizik.
Baserriak badauka bere nortasuna eta izena ere badauka,
etxekoek hartzen dutena. Sortetxean oraingo biztanleak
ez ezik, noizbait etxetik irten zirenak ere bizi dira, hau da,
hildako senideak eta familia egin gabe kanpoan bizi direnak.
Baserria leku ia sakratutzat jotzen zuten lehengo euskaldunek.
Adibidez, hilerria izan da luzaroan baserria. Duela
urte gutxira arte, bataiatu gabe hiltzen ziren haurrak baserriko
teilatuaren hegalpean lurperatzen zituzten, etxekoen
ondoan egon zitezen. Baserri bakoitzak bere jarlekua dauka
elizan, eta Bizkaiko Foruan, elizari bezala, baserriari ere
asilo eskubidea aitortzen zitzaion eta bertan ezin zen inor
atxilotu.
Etxekojauna edo etxekoandrea izateak garrantzi handia
zeukan euskal gizartean eta titulu horrek herriko batzarretan,
auzolanetan eta bestelako zereginetan parte hartzeko
eskubidea ematen zien.
Hiltzen direlarik, gurasoek ez dute sekula ere baserria
seme-alaben artean banatzen. Seme edo alaba bakoitzak
lur puska bat hartuko balu, ez luke bizitzeko nahikoa izango
eta, horretara, baserria suntsitu eta desagertu egingo litzateke.
Horren ordez, gurasoek seme-alabetako bat aukeratzen
dute etxerako, normalean zaharrena –oinordekoa, premua
edo maiorazgoa–. Gainerako seme-alabek bizimodua
kanpoan bilatu beharko dute, baina ezkontzen ez baldin
badira, baserrian bizitzen jarraitu ahal izango dute oinordekoari
etxeko lanetan laguntzen.
Jaiotzazaleen Bilboko Elkarteak eta Bilboko Udaleko
Euskara Arloak gaur Jaiotza baten itxuraz aurkezten
dizuegun Baserriak adierazten duena eta duen garrantzia
ezagutzera eman dizuegu, Jesus Herri eder honetan,
Euskalerrian, bizi garen borondate oneko emakume
eta gizonen bihotzean jaiotzen delako Gabon guztietan.
Jai zoriontsuak!
