Jaiotzen Inguruko Idazkiak
|
Frantzisko
Asiskoa -Milurtekoko
Gizona-
“Time”
AMERIKAR ALDIZKARI OSPETSUAK
idazleei galdetu die zein izan den, euren ustez, “bukatu berri den milurtekoko
gizonik garrantzitsuena”. Erantzunen arabera, lehenengo lekuan Frantzisko
Asiskoa dago. Hainbeste gizon itzaltsu, zientzialari, aurkitzaile, idazle,
artista edo militarren artean duela hamabi mende jaiotako Frantzisko gizon txiki
eta xumea aukeratu dute. Nolabait ere, hemen ere ebanjelioaren esana betetzen
da: “azken batzuk lehenak izango dira”. Ez da erraza
jakitea zergatik Asisko Santuak oraindik ere jendea liluratzen eta kitzikatzen
jarraitzen duen. Chéster ton-ek zioen “belaunaldi bakoitza gehien
kontraesaten duen santuak salbatzen du”. Hala bada, Frantzisko Asiskoa da gure
gizartea salbatzeko eta argitzeko santurik egokiena, bera baita bizitza
modernoaren, kontsumoaren, despertsonalizazioaren, orijinaltasun ezaren eta
barneko poz ezaren kontraesanik handienetakoa. Agian, esan
beharra dugu Frantziskok gogora ekartzen dizkigula gaur egungo bizimodu zoroak
alde batera utzi dituen giza baloreak. Gehienok aurki dezakegu Frantziskorengan
pertsona orok barnean daraman gizaki ideala, norbere buruarekin duen harmonia,
besteekikoa, izadi eta Jainkoarekikoak, gizon modernoarengandik hain urrun
geratu diren balore horiek guztiak, alegia. Frantziskoren
askatasunak erakarri egiten gaitu, existitzeko modu ederrenean bizi izan baitu.
Gauzak alde batera uzteko duen erraztasuna “Bere bizitzatik gauza bat kentzen
zuenean, mundu berri bat zabaltzen zitzaion aurrean” (J.A. Merino). Nortasun
jator eta independente hori inoren eta ezeren menpe bizi nahi duen pertsona
batena da. Ez du komenturik nahi, bertako murruak bere espetxe izango baitira,
ez du dignitaterik nahi, dignitate orok mendetasuna sortzen baitu. Beronen
helburua ebanjelioa modu xumean, bizitzea da, senidetasunez eta pozez. Jainkoa dena
da Frantziskorentzat: maitasun presentzia, indarra, oparia, askatzea, misterioa,
poza. Bere Jainkoa ez da definizio eskolastikoa, bizipen argitsu eta
liluragarria baizik. Jainko sortzaile eta salbatzailea, bizitza sortzailea,
askatzailea, argia eman eta salbatzen gaituena. Toynbee
historiagile ospetsuak dioen bezala, biziko gareneko mundua eraiki eta mantendu
nahi badugu, Pietro Bernadone, Frantziskoren aita eta XIII. mendeko negozio
gizon garrantzitsua, jauna imitatzeari utzi behar diogu, eta haren seme
Frantziskori jarraitu beharko diogu, “Mendebaldeko gizakien artean bizi izan
den gizonik handienari”. ------------------------------------------------- 2004
urteko San Frantzisko Asiskoaren ospakizun eguneko Eukaristia Sermoia.
|